Aurkezten diren ariketak lankidetzan eginak dira, batetik, IDarte, Vitoria-Gasteizko Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskola Publikoaren eta, bestetik, Altzuzako Oteiza Museoaren artean. Bi entitateon arteko harremana “Diseinuari aplikatutako Zientzia” irakasgaiarekin abiatu zen, zeina Barnealdeen Diseinua eta Diseinu Grafikoa gradu-espezialitateetako lehen ikasturtean ematen baita.
Ikastaroa bi lauhilekotan banatuta dago, eta gai hauek lantzen dira, besteak beste: neurria, proportzioa, sinbologia, simetria, fraktala eta forma. Lehenik, diseinatzailearen lan-tresna gisa erakusten dira, eta ez dogma gisa. Eta, ondoren, diseinuaren historiako obra nabarmenak aztertzen dituzte, tresna horiekin ohitzeko, nola aplikatzen diren ikusteko, eta diseinatzaile handiek nola erabiltzen dituzten aztertzeko. Ariketa honen alderdi interesgarri gisa, nabarmentzekoa da ikasleek modaz pasaturiko tresnatzat jotzen dituztela, garai bateko baliabidetzat. Alabaina, harrituta geratzen dira diseinu moderno bat aztertzen dutenean eta ikusten dutenean erabili dela tresna horietakoren bat. Unitate didaktikoa amaitzean, sormen-lan bat egiten dute azaldutako tresnarekin, pertsonala edo taldean.
Ikastaroa amaitzeko, ikusitako tresnak biltzen dituen lan bat egiten da. 2023-2024 ikasturtean, Arantzazuko Santutegiaren fatxada nagusia planteatu da, zenbait arrazoi direla eta: lehen mailako diseinu modernoa, bere garairako apurtzailea; lan kooperatiboa eta diziplina anitzekoa; diseinu oso aberatsa proiektuaren aldetik; gure ondare kulturala ezagutzea eta ondare horri balioa ematea; inguruko diseinatzaile unibertsalen lana ezagutzea eta sakonean aztertzea; eta bi erakundeen arteko lan- eta jakintza-sare bat sortzea.
Erronka amaitu ondoren, oso balioespen positiboa eta ilusionagarria egin da, eta gogotsu agertu dira artista horien lana ikasten eta ezagutzen jarraitzeko Oteiza Museoak lagundurik.
Aitor Axpe Oyanguren, IDarteko irakaslea