Jarduerak

JAI-Jardun artistikoentrako Institutuaren laugarren edizioa


 

Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Artium Museoa, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak Jardun Artistikoentzako Institutuaren – (JAI) laugarren edizioan parte hartzeko deialdia zabaldu dute. JAI artistei zuzendutako udako arte-eskola bat da. Bertan, praktika artistikoa da programaren muina, eta ikerketa, ekoizpena, pertzepzioa eta lan kritikoa sustatzen dira.

Bigarren urtez jarraian, Jorge Oteiza Fundazio Museoak ekimena lagunduko du Iruñetik 9 kilometrora dagoen Altzuzako zentroan egonaldia egiteko aukera eskainiz.

Prestakuntza-saioak ekainaren 5etik abuztuaren 25era bitartean izango dira: ekainaren 5etik 30era, Artium Museoan horretara bideratutako espazioetan; uztailaren 1etik abuztuaren 25era, Tabakalerako Artisten Gunean. Tabakaleran, aipatutako eremu komunerako sarbideaz gain, parte-hartzaile bakoitzak estudio bat izango du erabilgarri prestakuntza-aldian, eta programako tutoreen tutoretza indibidualizatua jasoko du. Abuztuan, berriz, parte-hartzaileek egonaldi labur bat egingo dute Altzuzan, bertan baitago Jorge Oteiza Fundazio Museoa.

 

Jardun Artistikoentzako Institutua

 

JAI udako eskola baten moduan egituratzen da, baita truke eta gurutzaketa artistikoak garatzeko gune gisa ere.  Jatorri oso ezberdineko ahots profesionalak elkartzen ditu, praktika artistikoak mundu garaikideari begiratzeko duen ahalmena identifikatzeko eta haien lengoaien erabilerari buruzko harreman kritikoa ezartzeko gai direnak.

 

Ibon Aranberri (artista), Asier Mendizabal (artista eta KKHko irakaslea, Stockholmeko Royal Institute of Art-eko irakaslea) eta Itziar Okariz (artista) izango dira Institutuaren edizio berri honetako tutoreak, eta irakasle-taldea gaur egun deialdia sustatzen duten erakundeen erakusketa-programetan eta programa publikoetan parte hartzen duten eragile profesionalek osatuko dute. Laugarren edizioak irakasle talde hau izango du, besteak beste: Erick Beltrán, Anna Daucíková, Xabier Erkizia, Kiluanji Kia Henda eta Julia Spínola. Gainerako irakasleen izenak laster iragarriko dira.

 

Horrez gain, institutuak ikerketa batzorde bat izango du, Catalina Lozano (Artium Museoko komisario-burua), Oier Etxeberria (Donostiako KGNZ Tabakalerako Programa Publikoen arduraduna) eta aipatutako hiru tutoreek osatua. Batzordekideak izango dira artista eskola osatuko duten 16 partaideen aukeraketa egingo dutenak.

 

 

 

 

 

 

Deialdia

 

Deialdia artearen metodologietan sakontzeko interesa duten artistei edo sektoreko eragileei zuzenduta dago. Izena emateko epea zabalik egongo da 2023ko otsailaren 10etik martxoaren 24ra arte. Parte hartzeko, webguneetan eskuragarri dagoen galdetegi honen bidez eman beharko dute izena, eta curriculum vitaea, biografia, motibazio gutun bat eta aurreko lanen dosier digital bat -irudiekin- erantsi beharko dituzte bertan.

 

Hautatutako pertsonek 450 € ordainduko dituzte prestakuntzarako matrikula gisa, eta, horrez gain, hala eskatzen duten pertsonek hautaketa batzordeak esleituko dituen lau laguntzetatik bat jasotzeko aukera izango dute. Beka horiek matrikula ordaintzetik salbuetsiko dute parte hartzailea, eta 900 € emango dira ostatu-gastuetarako.

 

 


De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org