Jarduerak

“Oteiza lagunartean” online lantegia


“Oteiza lagunartean Jabetzeak eta interpretazioak” programa sareko programa komunitario bat da. Horretan, museoak gonbidatu egiten zaituzte Jorge Oteizaren eskultura-lana familiako jolasetik, lagunartetik, eta material sinpleak erabiliz berrinterpretatzeko. Ez dago planteamendu bakoitzarentzako erantzun itxirik, zuen irudimenak eta zuen esperimentatzeko gogoak jarriko dute muga.

Eta emaitzak partaide guztiekin partekatzearren, egiten duzuen lanaren irudi edo bideo bat bidali ahal izango duzue Museoaren sareetara.

Korearra

Oteiza lagunartean programa sareko programa komunitario bat da. Horretan, museoak gonbidatu egiten zaituzte Jorge Oteizaren eskultura-lana familiako jolasetik, lagunartetik, eta material sinpleak erabiliz berrinterpretatzeko. Ez dago planteamendu bakoitzarentzako erantzun itxirik, zuen irudimenak eta zuen esperimentatzeko gogoak jarriko dute muga.

Eta emaitzak partaide guztiekin partekatzearren, egiten duzuen lanaren irudi edo bideo bat bidali ahal izango duzue Museoaren sareetara. Besteen lana ikusteak lagundu egingo digu Jorge Oteizak 1950ean brontze galdatuz egin zuen Korearra obrari buruz ideia berriak izaten eta gure begirada zabaltzen.

Korearrak gora jasotzen ditu eskuak, eta hankak zabaltzen, dantzan ariko balitz bezala; nor da, baina, benetan irudi hori? Pozik al dago, haserre agian? Gizonezkoa ala emakumezkoa? Gaztea ala heldua? Koreatik al dator benetan? Gainera, Oteizari ahantzi egin zaio arropaz janztea, eta ez dirudi eroso dagoenik. Janzten, izena jartzen eta historia bat ematen lagunduko al diguzue?

  • Ariketa eta materialak:
  1. Silueta marraztu dezakezue, obraren argazkia kalkatuz, eta ondoren aurpegiera eta arropak pintatu.
  2. Paperean ere ebaki dezakezue silueta, edo buztinez modelatu eta, ondoren, behar duen arropa egin, paperez edo kolorezko oihalez esaterako.
  3. Gure Korearrak denbora luzea darama hemen bizi izaten, eta oraindik ez du izenik; beraz, ez ahantzi izena jartzea eta duen historia guri azaltzea.

Lana amaitzen duzuenean emaitzen irudi edo bideo bat partekatu dezakezue #OteizaCoreano traolarekin, eta Instagram, Twitter eta Facebook-eko gure sareekin lotu, eta denon artean obrak komentatuko ditugu, elkarrekin ikasi eta barre egitearren. Ekin bada!!

 

Mikelats eta Atarrabi

 

Bigarren honetan, Oteizaren Mikelats eta Atarrabi obra berrikustea proposatzen dizuegu. Oteizak 1935ean egin euskal mitologiako bi figuraren interpretazio partikular bat da, igeltsuz egina, eta Museoko areto nagusian dago ikusgai.

Mikelats eta Atarrabi euskal mitologiako erregina dugun Mariren semeak dira. Elezaharrak dioenez, Atarrabi ikastera bidali zuten, anaia txikiarekin, deabruaren kobazulora. Biek asko ikasi behar izan zuten han, zenbait urtetan zehar. Ikasketak amaitu ondoren, deabruaren atzaparretatik askatu behar zituzten. Alabaina, azken unean honek esan zien bietako bat baino ezingo zela kobazulotik irten, eta besteak bertan geratu beharko zuela bizi izaten.

Eguna iritsita, Mikelatsi egokitu zitzaion kobazuloan geratzea. Alabaina Atarrabik, anaia nagusia izateaz gain oso bihotz onekoa baitzen, erabaki zuen deabruaren esklabo geratzea, anaia libre atera ahal izan zedin.

Oteizaren eskulturan ikus dezakezuen bezala, biek antz handia dute, baina garbi dago bata onbera zela eta bestea ez. Sarritan pertsonak, objektuak, antzekoak izaten dira, baina aldi berean desberdinak.

  • Ariketa:
  1. Interneten ikertu Mikelats eta Atarrabiren istorio osoa, abentura izugarri horren xehetasun guztiak ezagutzeko.
  2. Etxean zure inguruan dauzkazun objektuak aztertu, eta bilatu antzekoak diren baina, aldi berean, desberdinak diren objektu edo formak.
  1. Elkarren ondoan jarri, eta argazki bat egin mugikorrarekin.
  2. Azkenean, izena jarri irudiari, kontrako aldeak, aldi berean osagarriak ere izan daitezkeenak, nabarmenduta (ona-txarra/txikia-handia/biguna-gogorra/zuria-beltza). Zenbat eta gehiago aurkitu dibertigarriagoa izango da jolasa.

Lana amaitzen duzuenean emaitzen irudi edo bideo bat partekatu dezakezue, #OteizaMikelats traolarekin, eta Instagram, Twitter eta Facebook-eko gure sareekin lotu, partekatu ahal izan dezagun, eta denon artean obrak komentatuko ditugu, elkarrekin ikastearren. Ekin bada!!

Harri argi-moduluna

“Oteiza lagunartean. Jabetzeak eta interpretazioak” proiektu partekatuko hirugarren online lantegi hau proposatzen dizuegu.
Oteiza lagunartean programa sareko programa komunitario bat da. Horretan, museoak gonbidatu
Hirugarren honetan, Oteizaren “Harri argi-moduluduna” obra berrikustea proposatzen dizuegu; kareharri zuriz egin obra bat da, 1957koa. Berrogeita hamarreko hamarkadan Oteizak beste elementu plastiko bat erantsi zion bere eskulturari, “argi-kondentsadoreak”. Horiei esker artistak eskultura zulatu, eta argiari materia zeharkatzen uzten dio; materia bera arinago bihurtzen da horrela.
Euskal eskultoreak zenbait harri mota erabiltzen zituen baina, ba al zenekien guk geuk ere egin ditzakegula gure eskultura zulatuak, etxean bertan ditugun gauzak baliatuta?
Ariketa:
– Erraz zulatzeko moduko material bat bilatu. Xaboi-pastilla bat izan liteke (irudian bezala), txokolate-tableta bat, ale fruta bat ere.
– Elementu puntadun bat erabili. Bolaluma bat edo lapitz zorroztu bat izan daiteke.
– Eskultura amaitzen duzunean leiho aurrean jarri, eta ikusiko duzu argiak zure obra zeharkatzen duela eta hau kolorez aldatzen dela.
Lana amaitzen duzuenean, emaitzen irudi edo bideo bat partekatu dezakezue, #Oteizapiedra traolarekin, eta Instagram, Twitter eta Facebook-eko gure sareekin lotu, partekatu ahal izan dezagun, eta denon artean obrak komentatuko ditugu, elkarrekin ikastearren. Ekin bada!! Eskerrik asko!

Unitate hirukoitz eta arina

“Oteiza lagunartean. Jabetzeak eta interpretazioak” proiektu partekatuko laugarren online lantegi hau proposatzen dizuegu.
Oraingo honetan, Oteizaren “Unitate hirukoitz eta arina” obra berrikustea proposatzen dizuegu; 1950eko obra bat da, zink galdatuz egina, eta funtsezkoa gainera artistaren obrak figuraziotik abstrakziora egin bidean. Obra horren bitartez espazio hutsaren gaineko gogoeta eragin nahi digu artistak. Artistak hiru zilindro erabiltzen ditu (unitate hirukoitza), bata bestearen gainean jarriz eskultura bakar bat osatzearren. Ondoren “hozka” egiten die zilindroei alboetan, geometrian hiperboloide esaten zaion figura dinamikoagoa lortzeko. Badirudi lan konplexua dela baina, ba al dakizue Oteizak nola lortzen zuen forma geometriko hori erraz pentsatzea? Hozka egiten zion sagar bati.
Sagarra jaten dugunean, ikusten dugu mutxikinak hiperboloide forma duela. Zuen ustez, aukera izango al dugu etxean euskal artistaren obra berregiteko janari edo bestelako objekturen bat aurkitzeko? Eskultura aktiboa, eskultura dinamikoa.
Ariketa:
– Zilindro eta hiperboloide baten arteko aldea bilatu.
– Paper batean marraztu biak, horien formak espazioan alderatzeko.
– Ausart zaitez sukaldean dauzkazun janarien artean forma horiek bilatzen. Guk zereal-barra batean, azenario batean, kiwi batean eta limoi batean aurkitu ditugu hiperboloideak. Eta zuk?
Lana amaitzen duzuenean, emaitzen irudi edo bideo bat partekatu dezakezue, #Oteizatriple traolarekin, eta Instagram, Twitter eta Facebook-eko gure sareekin lotu, partekatu ahal izan dezagun, eta denon artean obrak komentatuko ditugu, elkarrekin ikastearren. Ekin bada!! Eskerrik asko!

Ilbete Fiteron

Oteiza lagunartean. Jabetzeak eta interpretazioak” proiektu partekatuko bosgarren online lantegia proposatzen dizuegu.

Oraingo honetan, eskultura ez den Oteizaren lan bat berrikustea proposatzen dizuegu: Plenilunio en Fitero (Ilbete Fiteron) izenekoa da, 1980an mekanografiatutako olerki bat. “Antzeman nion nire azken eskulturetatik hitzak ateratzen zirela” idatzi zuen Oteizak bere idazte horren sorburuari buruz. Egin zituen eskultura eta marrazkiengatik ezagutzen dugu artista, baina baita olerkari handia izan zelako ere. Poesia horietako batzuetan, Oteizak hitzekin egiten du jolas, eta istorioak kontatzeaz gain, formak marrazten ditu letrak baliatuta, zeinuak balira bezala erabiliz horiek paperezko orriaren espazioan.

Olerki iradokitzaile honetan Fiteroko ilargia ikus dezakegu, letra-dantzaren bitartez irudikatuta. Saiatuko al gara?

Ariketa:

-Behar ez duzun egunkari edo aldizkari zahar bat hartu.

-Erabaki naturako zer elementu marraztuko duzun: ilargia izan daiteke, edo eguzkia, izarrak, etab.

– Hitz hori osatzen duten letra guztiak ebaki, collagea egin ahal izateko. Nahi adina aldiz errepika ditzakezu letrak.

– Aukeratu duzun forma marraztu, nahi duzun teknikarekin (argizaria, pastela, akuarela, etab.) eta marrazkia osatu, letra ebakiak gainean itsatsita.

Kantua

“Oteiza lagunartean. Jabetzeak eta interpretazioak” proiektu partekatuko seigarren online lantegia proposatzen dizuegu.

Oraingoan, eta liburuaren eguna hurbil dugula, laurogeiko hamarkadan egindako Jorge Oteizaren collage poesia bat berrikustea proposatzen dizuegu: “Kantua” da, konposizioaren egiturak zentzua antolatzen duen testu konposizio bat. “Idatzi nahi izan dut, ez besterentzat, are gutxiago edertasunagatik; nik irudia topatu dut, beste batzuetan irudi batzuk egin ditut jolasean eta collage gisa, baina niri ez zait errima interesatzen”, esan zuen Oteizak, hitzekin jolas egiten baitzuen, poesia arte plastiko bihurtu arte.

Ariketa : Behar ez duzun aldizkari zahar batean kantu bat bilatu. Internetetik ere inprimatu dezakezu, edo zuk zeuk idatzi paper batean. Guk Patti Smithen kantu bat erabili dugu, zein izango da zurea?

Letraren paragrafoak ebaki, deskonposatu arte./ Orain, paragrafo horiek beste paper baten gainean zabaldu / Orain, hori kantatzen saiatu zaitez. Zure kantua ez da jada kantu hutsa, baizik eta olerki plastikoa. Desberdin entzuten al da?

Lana amaitzen duzuenean, emaitzen irudi edo bideo bat partekatu dezakezue, #Oteizacanción traolarekin, eta Instagram, Twitter eta Facebook-eko gure sareekin lotu, partekatu ahal izan dezagun, eta denon artean obrak komentatuko ditugu, elkarrekin ikastearren. Ekin bada!! Eskerrik asko!

 

  • Autorretratua aldibereko esfera ahur-ganbil gisa

Oteizaren oso obra berezi batera hurbilduko gara: “Autorretratua aldibereko esfera ahur-ganbil gisa” (Izenik gabe) da, Oteitzak lapitzez paper gainean egina.
Erretratua pertsona baten irudikapena da, marrazki, pintura, eskultura edo argazki gisa egina. Bitarteko honen gauzarik garrantzitsuena dugu obrak pertsonaren ezaugarri edo bereizgarri deigarrienak erakusten dituela. Saiatuko al gara bat egiten?
Ariketa:
-Ispilu aurrean jarri, eta zure aurpegiaren ezaugarri nagusiak ikusi (zure begien kolorea, sudurraren forma edo ahoaren neurria).
-Begiratu, era berean, zure aurpegiak beste identifikagarririk ba ote duen (betaurrekoak, ileko apaingarriren bat…).
-Familiako norbaiti galdetu zein diren zure espresiorik ohikoenak. Sarritan egiten al duzu irribarre?, asko zabaltzen al dituzu begiak?, zabal-zabal jartzen al duzu ahoa barre egitean?
Datu horiek guztiak bildu ondoren, erabaki erabiliko duzun teknika, eta zure autorretratua egiten hasi. Ez ahantzi familiari erakustea, ea ezagutzen zaituzten bertan.
Lana amaitzen duzuenean, emaitzen irudi edo bideo bat partekatu dezakezue, #RetratoOteiza traolarekin, eta Instagram, Twitter eta Facebook-eko gure sareekin lotu, partekatu ahal izan dezagun, eta denon artean obrak komentatuko ditugu, elkarrekin ikastearren. Ekin bada!! Eskerrik asko!

De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org