Oteiza Museoak hamar obra eman ditu maileguan esposiziorako, eta ikusgai egonen dira Hans Arp, Louise Bourgeois, Eduardo Chillida, Naum Gabo, Barbara Hepworth, Henry Moore, Isamu Noguchi eta beste zenbait artistaren lanekin batera
Oteiza Museoak “Arte en piedra” erakusketan parte hartuko du, eta, bere bildumatik, Jorge Oteizaren hamar obra utzi ditu maileguan (bost eskultura eta beste bost marrazki eta collage). Esposizio horretan, XX. mendeko artista handiak egonen dira ordezkaturik, hala nola Hans Arp, Louise Bourgeois, Eduardo Chillida, Naum Gabo, Barbara Hepworth, Henry Moore edo Isamu Noguchi.
Catalunya La Pedrera Fundazioak Bartzelonako Casa Milà enblematikoan antolatu du erakusketa hau, zeina 2024ko urriaren 3tik 2025eko otsailaren 2ra bisitatzen ahalko baita. Penelope Curtis da esposizioaren komisarioa, eta egitasmoaren xedea da piezaren oinarrizko eginkizuna aztertzea egileon lan-material gisa, kontuan izanik guztiak ere garaikideak izan zirela ia; aldi berean, haien bide artistikoak deskribatzen ditu —maiz paraleloak—, eta adierazpide berriok aztertzen, guztia ere haien arteko elkarguneak nabarmenduz.
Oteizaren obrari dagokionez, Oteiza Museoko bilduma piezak egonen dira ikusgai, hala nola Esne Bidea, 1955, Harri argi-moduluduna, 1957, Solido irekia, 1957, Makla irekia, 1957, Mondrianentzako B konklusio esperimentala, 1973, baita 1950eko hamarkadan eginiko bost marrazki eta collage ere. Bestalde, Elena Martín Oteiza Museoko kontserbatzaileak erakusketaren harira eginiko argitalpenean parte hartu du, eta artistaren eskulturagintzari buruzko testu bat idatzi du: OTEIZA. La piedra para activar el espacio. La piedra para detener el tiempo (OTEIZA. Harria espazioa aktibatzeko. Harria denbora geratzeko).
De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org