Oteiza Museoak ikerketa-proiektu bat sustatu du Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiaren Metalurgia eta Material Metalikoen Ikerketa Zentro Nazionalaren (CENIM-CSIC) lankidetzarekin. Haren helburua da Jorge Oteizak eginiko formatu handiko zazpi eskultura metalikoren egoera aztertzea —Iruñeko espazio publikoan eta Oteiza Museoaren kanpoaldean kokatuak guztiak—, ondare artistiko horren egoeraren diagnostiko zehatza lortzeko.
Azterketa horretan, obra hauen diagnostikoak eginen dira: Ale hirukoitz eta arina (Karlos III.a etorbidean kokatua), Korearra (Askatasunaren plaza), Erretratu espirituala (Felix Huarte plaza), Odiseo izeneko gudari baten erretratua (Ziudadela), Bi diedroren oposizioa/Omenaldia Sáenz de Oizari (Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campusa) eta Omenaldia kubismoaren estilema hutsari/Momentu espirituala (Yamaguchi parkea), guztiak ere Iruñean kokatuak, baita Arantzazuko apostoluak/Pedro eta Pablo ere, zeina Oteiza Museoaren kanpoaldean baitago.
Proiektu hori E-RIHS (European Reserch Infraestructure for Heritage Science) azpiegituraren nodo nazionalak eginiko bigarren deialdiaren parte da, zeina Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiak (CSIC) finantzatzen baitu. Hala, proposatzen da aztertzea eta zenbatestea zer-nolako eraginkortasuna duten Jorge Oteizak bere lanetan aplikatu zituen jatorrizko patinek eta estaldura piktorikoek, baita eskulturak espazio publikoan paratu zirenetik eginiko zaharberritze-prozesuetan aplikatutakoek ere (inhibitzaileak, pinturak, bernizak eta argizariak). Proiektu honetan, zuzenean parte hartu du CENIM-CSICren laborategi mugikorrak (MOLAB), eta, horri esker, in situ aplikatu dira teknika elektrokimiko eramangarriak (inpedantzia elektrokimikoko espektroskopia, EIS), infragorrien espektroskopia (FTIR) eta Raman espektroskopia, eta korronte induzituen bidez neurtu dira lodierak, metalezko ondarearen gainean aplikatutako patinak eta babes-geruzak aztertzeko. Horren azken helburua da patinen eta estalduren degradazio-tasa ikustea, eta, hala, espazio publikoetan eraginkorrak ote diren ebaluatzea.
Ikerketa honetan lortutako emaitzak aire zabaleko espazioetan instalatutako ondare metalikora estrapolatzen ahalko dira, eta, hala, eskultura horietan etorkizunean aplikatuko diren tratamenduen eraginkortasuna aztertuko da.
Proiektu honen zuzendariak dira, batetik, Elena Martín, Oteiza Museoko kontserbatzailea, eta, bestetik, Emilio Cano eta Teresa Molina, CENIM-CSICeko (Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiaren Metalurgia eta Material Metalikoen Ikerketa Zentro Nazionala) Ondare Kulturalaren Korrosio Atmosferikoari eta Kontserbazioari buruzko ikerketa-taldeko (CAPAC) kideak, zeinak 2024ko maiatzaren 20tik 24ra bitartean ari baitira lanotan.
De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org