Jarduerak

Soinu artxiboa. Oteizaren hitza


Museoko artxiboan dauden Jorge Oteizaren hitzaldi, audio eta elkarrizketa grabatuen soinu artxiboa partekatzen hasi gara. Erregistro baliotsuen bilduma bat da. Horietan, Jorge Oteizak bere obra, pentsamendu estetiko eta arte ibilbidearekin, heziketa estetikoarekin edo Euskal Eskolarekin lotutako zenbait kontu aipatzen ditu, besteak beste.

 

Jorge Oteiza, Artea, hiria eta gizakia hitzaldia, Irun Zineklubaren I. Arte Asterako, 1961

Irun Zineklubak 1961ean antolatutako I. Arte Astearen hasieran Oteizak emandako hitzaldia. Oteizak bere obrako kontzeptuak azaltzen ditu bertan, artelana nola murriztu den fenomeno gisa, eta artea nola sartu den isiltasun eremu batean, hots, “gizakiak bere izatea berresten duen ezerez batean”. Hitzaldian, arte jardunerako behar diren baldintzak aztertzen ditu Oteizak, artelanak bere garaiko gizartearekin eta kulturarekin duen harremana, eta berak identifikatutako Aldaketen Legearekin lotzen du hori guztia. Artea komunikazioa da, ezerez batetik abiatzen da eta naturako errealitatearekin identifikaturik amaitzen da, nahiz, artistak dioskunez, errealitate hartatik bereizten den, “inkomunikatzen” den.

 

Oteizaren hitzak Pelotari (Basterretxea-Larruquert) filmaren aurkezpenean, 1964

Oteizak sarrera egin eta errezitatu egiten du Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquerten “Pelotari” filmaren aurkezpeneko testua, 1964ko abuztuaren 16an, igandea, Gernikan.
Audioan, artistak gizartean duen garrantzia azpimarratzen du Oteizak: “filmari egin dakiokeen iruzkinik onena gogoeta bat egiten saiatzea da, artistak gure herriaren bizitzan duen garrantziari buruz. Zeren eta artista normal bizi denean, haren herria, artista herrikoa baita, libre bizi eta moldatzen da, eta espiritualtasunez hazten. Baina artistaren jarduera zentsuratzen edo galarazten bada […] haren herria iluntasun eremu batean sartzen da”.

Jorge Oteizari irratian egindako elkarrizketa, 1974

 

Juan Antonio Garcia Marcos kazetari eta idazleak 1974an Donostiako Herri Irratian Jorge Oteizari egindako elkarrizketa. Grabazioan, Oteizak zenbait gairi buruz hitz egiten du, tartean direla Arantzazuko proiektua eta Lucio Muñozen erretaula, Debako eskola herrialdeari eskaini kultur zerbitzutzat, GAUR Taldea eta Euskal Eskola, haurraren heziketa estetikoa, eta São Pauloko Bienala Oteizaren beraren obraren adierazle gorentzat.


De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org