Erakusketa Nafarroako Parlamentuan. 2023ko urtarrilaren 20tik otsailaren 18ra.
Zuria Eguneko Ospitalearen eta Jorge Oteiza Fundazio Museoaren proiektu pedagogikoa.
Bizitzaren murrua erakusketa Nafarroako Parlamentuan.
Nafarroako Parlamentuak etxean hartzen du Bizitzaren murrua. Hutsaren eta bakardadearen inguruko gogoetak erakusketa. Zuria eguneko zentroa eta Oteiza Museoko Hezkuntza Estetikoko zerbitzuaren artean ezarritako lankidetzaren baitan, errehabilitazio-prozesuan dauden zentroko 12 pazientek garatutako obrak eta materialak biltzen ditu.
Ospitalean bertan egindako 6 lan-saiotan sortutako kutxa huts formako 12 pieza, parte-hartzaile bakoitza irudikatzen duten buztinezko 12 eskultura txiki eta Villar López argazkilariak tailerretako lan-prozesuan egindako 30 argazki erakusten ditu erakusketak. 2022an egindako tailer pedagogikoaren emaitza da. Errehabilitazio-prozesuan dauden Zuria eguneko zentroko dozena bat pazientek hartu zuten parte tailer horretan, 25 eta 60 urte bitartekoak.
Proiektu hau “Artea gizarte-tresna gisa” izeneko programaren barruan kokatzen da. Oteiza Museoak sustatzen du programa, eta gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden kolektiboak hartzen ditu bere baitan, praktika artistikoaren bidez integrazio-proiektuak garatzen direlarik.
Jorge Oteizak bere estutasun existentzialaren adierazpena hutsaren eta ezerezaren kontzeptuekin lotu zituen eta bere bizi-esperientzia bera erabili zen tailerreko 6 lan-saioak egituratzeko motor gisa. Saio hauek aukera izan ziren parte-hartzaileek beren bizi-esperientziak bateratzeko.
Modu honetan, proiektua honako lan-ildo hauen inguruan garatu da: Oteizaren obran hutsunearen kontzeptua aztertzea, hutsunearen kontzeptura hurbiltzea bakardadearen sentimenduari lotuta eta parte-hartzaile bakoitzak bakardadearen eta gizartearen arteko harremana islatzen duen `kaxa huts´ bat garatzea, bakardadea gizarte-bazterkeria gisa ulertuz eta sorkuntza besteengana proiektatzeko tresnatzat hartuz.