Erakusketa

Estatuak. Itziar Okariz (Apirilaren 4a arte luzatua)


Estatuak. Itziar Okariz

Oteiza Museoa. 2020ko urriak 30 – 2021eko otsailak 28. APIRIRALAREN 4A ARTE LUZATUA
Jorge Oteiza Fundazio Museoaren produkzioa, “la Caixa” Fundazioak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak sustatutako Innova Cultural programaren eta Eguesibarko Udalaren, Arantzazuko Frantziskotarren eta Arantzazu Gaur Fundazioaren laguntzarekin.

 

Itziar Okariz (Donostia, 1965) artistak, azken urteotan zehar, zenbait topaketa eta solasaldi izan ditu artelanekiko, eta sortu duen ekintza-dinamikak artearen historiako eskultura esanguratsu zenbaiten aurrez aurre jarri du. Solasaldi itxura batean osatugabe horien erregistroak ­“Estatuak” izeneko ikus-entzunezko proiektuaren egitura nagusia eratzen du; artistak piezen izaera bizia baliatzen du, bera komunikatzen den piezen bizizko izaera alegia, eta artelanaren mamizko zentzua aktibatzen du, behatzaileak interpelatzen duenean erabateko zentzua bereganatzen duen gorpuztzat.

Ekintza horien grabazioek artistaren eta obren arteko komunikazio uneak jasotzen dituzte, autoritaterik zein hierarkiarik gabe. Horietan, Okarizek gainditu egiten du ikusizko harremanaren esparrua, bere ahotsa baino ageri ez den elkarrizketan sakontzearren. Logika horri jarraiki, ekintza horiek artearen gaitasuna pizten dute, hots, interpretazioaren zentzu posible guztiak aktibatzeko gaitasuna, eta harridurazko egoera batean jartzen dute ikuslea, honek arauz kanpoko komunikazio ekintza batean ikusten baitu artista, horrelakotzat har dezakegu-eta objektu bizigabe batekiko solaskidetza bilatzea.

Alabaina, objektu batekin harremanak izateko modu ez ortodoxo horrek esangurak lerratzea du ondorio, eta bide horretatik artelanaren kontsiderazio epistemologikora iritsiko gara, izaera animistaz hornituko baitugu eta, horrela, haren izate osatugabeari erantzuna emango baitiogu, aiduru baitago beti, zentzuz aseko duen inor iritsi zain. Idolatria orotatik urrun, eskulturak besteren partaidetza duenean bereganatzen du zentzua, kasu honetan artistaren beraren partaidetza duenean, eskulturaren barnetasuna baliatzen baitu honek gure errepresentazio kolektiboko prozesuetan nagusi diren hitzaren eta lengoaiaren bitartez.

Oteiza Museoak, orain, hiru ikus-entzunezko instalaziok osatutako “Estatuak” erakusketa-proiektua jasotzen du, artistak izandako zenbait elkarrizketa erakutsiz horretan; Oteizaren obraren presentziak garrantzi berezia du erakusketan. Ildo horretatik, eskultorearen obrekin izandako elkarrizketa horietako hiru aurkezten ditu, Nire emaztearen erretratua, Otano pintorearen erretratua eta Bi triedroren konbinazio bidezko kutxa metafisikoa/Leonardoren omenez obrekin izanak zehazki, Apostoluen Frisoaren eta Arantzazuko basilikako murruen aurrean izandakoez gain. Azken hauek proiektu honetarako berariaz produzitu ditu Oteiza Museoak, eta lehen aldiz aurkezten dira jendaurrean. Horien osagarri, Sergio Prego artistaren Seeds eta Black Fountain piezekiko elkarrizketa biak, inoiz jendaurrean erakutsi gabeak halaber, 2019an Veneziako 58. Bienalean zehar produzituak.

©: Jorge Oteiza © Pilar Oteiza, A+V Agencia de Creadores Visuales, 2020

Ikus-entzunezko piezen aurkezpena osatzeko, erakusketan jaso egingo dira elkarrizketa horien transkripzioak, baina erakusketa-proiektua online esparrura ere zabalduko da, aukera izango baita Oteiza Museoaren web orriaren bitartez Interneten lehen aldiz ikusteko Estatua. Kutxa metafisikoa (291)  ikus-entzunezko pieza, erakusketa-proiektua martxan den bitartean.

Proiektu honek, osterantzean, bitartekaritza presentzialeko eta online bitartekaritzako programa zabala izango du, 2020ko urriaren 16tik 2021eko otsailaren 28ra bitartean garatzeko, Nafarroako Kutxa Fundazioak eta “la Caixa” Fundazioak sustatutako Innova Cultural programaren lankidetzarekin eta Eguesibarko Udalak, Arantzazuko Frantziskotarrek eta Arantzazu Gaur Fundazioak bultzatuta.

Itziar Okarizen proiektu hau museo honetan programatzeak agerian jartzen du, azken batean, Oteizaren obrak gaur egungo artistengan bizirik segitzeko duen gaitasuna; izan ere, egungo sorkuntzatik modu kritiko batez hurbiltzeko eremua da Oteizaren obra.

  • Bitartekaritza jarduerak:

Ekintza performatiborako lantegia Itziar Okarizekin (II)

Itziar Okarizek gogoeta sustatzeko espaziotzat planteatzen du lantegi hau. Gogoeta horrek erreparatu egingo die lengoaia plastikoek zeinuak produzitzeko duten espezifikotasunari, eta lengoaiak berak eraldatzeko tresna gisa ere baliatuko da, Okarizen beren lanarekiko eta Jorge Oteizaren obrarekiko harreman eta interakzioaren bidez.

2020ko urriaren 30 eta 31 eta azaroaren 1a.

Urriak 30, ostirala: 17:00etatik 20:00ak arte.

Urriak 31, larunbata: 10:30etik 14:00ak arte eta 16:00etatik 20:00ak arte.

Azaroak 1, igandea: 10:30etik 14:00ak arte.

 

Itziar Okariz artistarekiko topaketak eta erakusketarako bisita

2020ko urriak 31, larunbata, 12:00etan.

Doakoa, aurrez Museoko sarrera erosita. Toki kopuru mugatua.. Aurrez izena eman behar da, recepcion@museooteiza.org helbidean edo 948332074 telefono-zenbakian.

 

Online topaketa Itziar Okariz eta Jon Mikel Eubarekin

Online topaketa honen helburua solasaldi bat egituratzea da, hain zuzen Oteiza Museoan erakusten den “Estatuak” proiektuaren ezaugarrietan eta proiektu horrek Itziar Okarizen sorkuntza-praktiken barnean duen esanguran sakontzeko.

Topaketako partaideak Itziar Okariz bera eta Jon Mikel Euba artista izango dira, eta Oteiza Museoko zuzendariorde J.P. Huercanos arituko da moderatzaile.

2020ko azaroak 19, osteguna. 19:00etatik 20:00ak arte.

Topaketa streaming bitartez egingo da, Ezinbestekoa aurrez comunicacion@museooteiza.org helbidean izena ematea. Sarrerarako informazioa eta izen emateak: museooteiza.org.

 

“Gorputza eta ahotsa. Ikasgelan ikasteko tresnak” ikastaroa

Hezkuntza-praktika alternatiboetan interesatuta dauden esparru formaleko zein ez formaleko irakasle eta hezitzaileei zuzendua.

Ikastaro honek ahotsaren eta gorputzaren erabilera hartzen du abiapuntu, esplorazio indibidual eta kolektiborako agertokitzat, irakasleek aukera izan dezaten ikasgela barruan praktika pedagogiko zabalago eta aberasgarriagoak garatzeko.

Ikastaroa Aitziber Urtasunek emango du, Oteiza Museoko Hezkuntza Estetiko departamentuko arduradunak, Ana Rosa Sanchez arte-terapeuta eta ahotsaren didaktika arloko espezialistarekin batera.

— 2020ko otsailak 12, 13 eta 14

Otsailak 12, ostirala: 17:00etatik 20:00ak arte.

Otsailak 13 larunbata: 10:30etik 14:00ak arte eta 16:00etatik 20:00ak arte.

Otsailak 14, igandea: 10:30etik 14:00ak arte.

Matrikula: 60 €. Doan Nafarroako Foru Komunitateko irakasleentzat. Parte hartze ziurtagiria emango da. Toki kopuru mugatua: 10 pertsona. Ezinbestekoa aurrez erreserba egitea didactica@museooteiza.org  helbidean.

 

Ikustaldi gidatua ikuslego orokorrarentzat:

2020ko abenduak 27, igandea. 12:00etatik 13:00ak arte.

Doakoa, aurrez Museoko sarrera erosita. Toki kopuru mugatua. Aurrez izena eman behar da, recepcion@museooteiza.org helbidean edo 948332074 telefono-zenbakian.

 

 

 Lantegiak familian

Erakusketa honek aukera ematen du adierazpen tresna zeharo garrantzitsuak, hala nola ahotsa, gorputza edo idazketa, haurrekin esploratzeko. Laneko agertoki honetatik familian egiteko 2 lantegi programatuko dira:

 

— 2020ko azaroak 22, igandea. 11:00etatik 13:00ak arte. Gure gorputza, gorputza baino askoz gehiago.

— 2021eko urtarrilak 3, igandea. 11:00etatik 13:30 arte. Eskulturak amesten ditugu, eskultura idazten dugu.

Partaideak: 5 eta 11 urte bitarteko haurrak, gehienez 2 helduk lagunduta. Ele bitan, gaztelaniaz eta euskaraz. Prezioa: 10 € haurreko. Toki kopuru mugatua. Ezinbestekoa aurrez didactica@museooteiza.org helbidean izena ematea.

 

 


De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org