Erakusketa: Interestratos/Estratuarteak. Nora Aurrekoetxea, Miren Doiz, Marina González Guerreiro
Oteiza Museoa: 2023ko martxoaren 17tik ekainaren 5era
Argitalpena: Interestratos / Estratuarteak. Nora Aurrekoetxea, Miren Doiz, Marina González Guerreiro. PSP: 15 €.
Jorge Oteiza Museo Fundazioaren ekoizpen honek Nafarroako Kutxa Fundazioaren eta La Caixa Fundazioaren Innova Cultural programaren laguntza du, bai eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroarena eta Iruñeko 72-22 Topaketena ere.
Oteiza Museoak Interestratos/Estratuarteak erakusketa aurkezten du, zeinaren bidez eskulturagintza formalizatzeko modu berriak ikusarazten baitira, Nora Aurrekoetxea (Bilbo 1989), Miren Doiz (Iruñea, 1980) eta Marina González Guerreiro (A Guarda, 1992) artistek zentro honetan egindako esku-hartzeetan oinarriturik. Haien proposamenak eskulturagintzarekiko hurbilketa garaikide bat dira, eta hurbil daude errealtasunaren eta subjektibotasunaren urratsetik. Ildo horretan, gaur egungo sorkuntzaren gakoak zehazten dituzten materialen eta eraikuntza-moduen aniztasunari erantzuten diote.
Proiektuaren izenburuak «estratuarte» kontzeptuari egiten dio erreferentzia, zeina Gilles Deleuzek eta Felix Guattarik identifikatu baitzuten Mil mesetas. Capitalismo y esquizofrenia liburu ospetsuan (Mila goi-lautada. Kapitalismoa eta eskizofrenia), forma berriak sortzeko prozesuetan gertatzen diren transkodetze, intersekzio eta topaketei dagokienez. Termino hori barneratuta, egungo eskultura-sorkuntzak objektuen eta materialen arteko topaketei nola heltzen dien hausnartzen ahal da, bereziki nabarmenduz loturetan gertatzen dela, akoplatzeko eta zabaltzeko moduan. Azken buruan, proiektu honek eskultura garaikidearen egitura-izaerari heltzen dio, eta esanahi beteko elementu gisa erantzuten dio haren tasun erlazionalari.
Arte-sorkuntzan materialak eta formak gurutzatzeko eta elkarren artean erlazionatzeko baldintza azpimarratzen duen kontzeptu horretatik abiaturik sortua da, hain zuzen, esku-hartze eskultorikoen proiektu hau, zeina Jorge Oteizaren legatuarekin alderatzen den proposamen gisa eratu baita, artistaren heriotzaren 20. urteurrenean.
Proiektu hau Altzuzako zentroan egonen da ikusgai 2023ko martxoaren 17tik ekainaren 4ra bitartean. J. P. Huercanos Oteiza Museoko zuzendariordea da komisarioa, eta, Nafarroako Kutxa Fundazioaren eta La Caixa Fundazioaren Innova Cultural programaren lankidetza ez ezik, Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren eta Iruñeko 72-22 Topaketen laguntza ere jaso du. Proiektua osatzeko, artisten esku-hartzeak bisualki jasotzen dituen argitalpen bat editatu da, proiektuaren komisarioak prestaturiko testuez lagundurik.
Jorge Oteizaren Unamunoren erretratua eskulturako atzealde hustuarekiko interesak determinatzen du Nora Aurrekoetxeak garatutako red / red / red / peruke proposamenaren hasiera. Busto kontzeptua bustoaren beraren izaera formala determinatzen duten elementuetatik abiatuta birpentsatzeak –elementu horiek itxurazkoak eta ez-egiturazkoak izan arren–, aukera ematen dio gabeziez definitzen den gorputz batek berezko duen busto-kontrakoaren ideiara hurbiltzeko. Kasu horretan orrazkerak, bolumena eraikitzeko eskultura-keinuarekin identifikaturik, buru multzoak sortzen ditu; horietan ilearen keinuak, forma geldia bihurtu delarik, determinatzen du buru horien konfigurazioa. Egitura zintzilikako, okupatu eta hutsek determinatzen dute gabeziaren ideia gogorarazten digun gorpuztasunaren eszenaratzea.
Miren Doizek bere obrak garatzeko material berririk sortu eta eraikitzeari uko egitea da egiten dituen obren eta esku hartze honen bilakaera determinatzen duen baldintza. Artistak desartikulatu egiten ditu lanean erabiltzen dituen objektuak blaitzen dituzten erlazioak, ondoren, eta etengabeko zatiketen bitartez, aldaketan eta eraldaketan oinarritutako errealitate berriak sortzearren. Pinturak eta koloreak koagulatzaile dihardute gainjartze eta topaketa prozesu etengabean; eta esku hartze horretan, prozesuak lagundu egiten du aretoaren geometria hausten, eta gorputzak eta lekua bat egiten ditu. Hala, desegin egiten da murru, zoru edo objektuaren arteko banaketa, zatiketa lotu baten, hots, geruza bitartez eraikia den eta akats eta suturen ezkutatzea ehuntzen duen baten alde.
Marina Gonzalez Guerreiroren proposamena osatzen duten objektu intentzionalek uko egiten diote iraganarekiko haustura orori. Marinak ikusizko egunkaritzat egituratzen du bere esku hartzea, objektu hauskorrekin eraikitako bizipen joaira gisa. Objektu horiek halako iraungitasun bat dute, esangurarik apenas, baina oroimena eraikitzen duen subjektibotasuna jalkitzen dute. Asko eta askotarikoak direla, lagun seguru eta fidel ageri dira. Objektu guztiek eta dituzten erlazioek osatzen dute joandako denborako gertaerak, txikiaren aldarrian finkatuak, adierazten dituen objektu dietario hau.
Bitartekaritza-programa
─── Topaketa artistekin eta erakusketarako bisitaldi gidatua.
Martxoak 18, larunbata, 12:00etan.
Plaza mugatuak. Ezinbestekoa da recepcion@museooteiza.org helbidean erreserba egitea.
─── Pentsamendutik objektura. Eskultura-laborategia
«Estratuarteak» erakusketa oinarritzat hartuta, eskultura-laborategi bat egingo da, parte-hartzaile bakoitzaren egunkari gisa. Horretan, zenbait objektu biografiko sartuko dira, eta askotariko jardunbide plastikoen bidez eraldatuko dira, esanahi berri bat emate aldera.
Apirilak 11, 12, 13 eta 14. Haurrak, 6 eta 12 urte artekoak. 9:30etik 13:30era. Bi hizkuntzatan, gaztelaniaz eta euskaraz. Prezioa: 70 € aste osoa. Plaza mugatuak. Ezinbestekoa da aurrez erreserba egitea didactica@museooteiza.org helbidean.
─── Emakumezkoen introspekzioak. Gizarte- eta hezkuntza-proiektua Itxaropen Gune elkartearekin
Oteiza Museoaren Hezkuntza Estetikoko Departamentuak eta Itxaropen Gune elkarteak lankidetzan egindako proiektua da, eta emakumeen sexu-esplotaziorako salerosketaren aurka egiten du lan Nafarroan. Proiektuan hainbat tailer egingo dira 2023ko apirilean eta maiatzean; horietan, erakusketan erakutsitako lanen inguruan hausnartuko da, zenbait testuingurutatik abiatuta: memoria, identitatea eta gorputza objektu gisa, besteak beste.
Aitziber Urtasunek diseinatu eta bideratutako proiektu hau «Artea gizarteratze gisa» izeneko programaren barruan dago. Hain zuzen ere, kalteberatasun-egoeran dauden taldeak artetik abiatuta gizarteratzeko hainbat proiektu hartu ditu berean proiektu horrek urte osoan.
Apirilak 17 – maiatzak 17.
─── Erakusketarako bisitaldi gidatua eta artisten proposamenetan zeharreko ibilbidea
Maiatzak 21, igandea. 12:30etan.
Plaza mugatuak. Ezinbestekoa da recepcion@museooteiza.org helbidean erreserba egitea.
Laguntzaileak
De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org