Oteiza Museoak eta Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak atsegin handiz aurkezten dute Gu edo gorputzak zeharkatzea izeneko proiektua. Maite Velaz artistak bereziki garatua da Altzuzako zentrorako, eta proposaturiko obra-multzoak hausnarketa sustatzen du praktika artistikoaren baldintzei eta eskulturagintzari heltzeko moduei buruz. Bi zentroek elkarrekin eginiko Hazitegia programaren seigarren proiektua da.
Proiektu integral moduan ulerturik, Maite Velazek orotara 24 obraz osaturiko multzo bat aurkezten du —eskulturak, instalazioak, ikus-entzunezkoak eta soinu-obrak—. Artelanetara gerturatzeko, itxuraz garrantzirik gabeko material bigunak eta iragankorrak baliatzen dira proposamen espezifiko horretan, keinu txikiei erreparaturik eta eguneroko objektuei beste esanahi bat emanik. Hala, subjektibotasun propio eta hedatu baten emaitza eta hedapen gisa kokatzen da Velazen obra.
Lan askok amaitu gabeko formalitatea ageri dute itxuraz; artistak kontzienteki eginiko adierazpena, presente egon arren erabat sortzen ez den errealitate baterantz jotzeko. Errealitate hori, aitzitik, askotariko islen bitartez sortzen da, esanahien lerraduratik.
Ezintasun hori azpimarratzeak etengabeko tentsio-egoeran jartzen du obra, eta, aldi berean, aldendu egiten du artearen ikuskera kanonikoago batetik; hala, hibridazio etengabean eta beti asegabe ageri den praktika artistiko baterantz hurbiltzen da. Bilera, Bilduma eta beste zenbait lanetan ispiluak agertzeak irudi bat osorik proiektatzeko zailtasuna azpimarratzen du, zatiz osatuta baitaude.
Memoriaren pisuak artikulatzen du, neurri handi batean, proiektuaren esparru kontzeptuala, zeina presente baitago materialen arrastoan, baina baita irudien agerpenean ere, batez ere ikus-entzunezko piezetan. Azken horietan, Velazek nolabaiteko negoziazio bat proposatzen du orainarekin (eta bere buruarekin), ulertzen baitu artelanak berak baduela modu propio bat iraganeko arrastoekin lotzeko.
Zeharkatzearen kontzeptuak ere zehazten du proiektuaren garapen kontzeptualaren parte handi bat: materialak, denbora, Jorge Oteizari buruzko erreferentziak edo eskultura bera zeharkatzea, alegia. Elementu horiek guztiak ageri dira behin eta berriz abiapuntu gisa proposamen artistiko honetan, eta prozesutasunera eramaten dute, gainerakoak ezagutzeko eta gainerakoekin erlazionatzeko forma modura jokatzen dute.
Proposamen honek kontzepzio kolektiboan ere sakontzen du, eta Taxio Ardanaz, Nerea de Diego, Idoia Leache eta Daniel Resano artisten partaidetza du. Haiek ere zeharkatuko dute proiektua, erakusketa ikusgai dagoen bitartean gauzaturiko ekintzekin. Programa Hazitegia programaren parte da, Jorge Oteiza Fundazio Museoak eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroak elkarlanean garatua, eta haren helburua da Jorge Oteizaren obraren inguruko gogoeta-agertoki berriak eskaintzea, sorkuntza garaikidetik abiaturik. Uharteko Arte Garaikideko Zentroan 2023ko urrian izaniko egoitza- eta ekoizpen-fase batekin hasi zen, eta prozesu haren emaitza ikusgai dago orain Oteiza Museoan. Proiektuak Nafarroako Kutxa Fundazioaren eta Caixa Fundazioaren Innova Programaren lankidetza du, baita Eguesibarreko Udalarena ere.
Erakusketa-proposamena osatzeko, argitalpen monografiko bat ere kaleratu da: Maite Velazek berak sorturiko Esa escultura se llamaba cariño (Eskultura hori laztana deitzen zen) testuaz gainera, jasotzen du Peio Aguirrek eginiko idazki kritiko bat ere, Cachitos (Zatitxoak) izenekoa.
Maite Velazek sorturiko Gu edo gorputzak zeharkatzea proiektuarekin batera, beste artista batzuek eginiko ekintza-multzo bat ere izango da, guztiak ere “zeharkatzeko” ideiak gidaturik, gerturatzeko, adierazteko eta jakintzarako modu gisa. Ekintza hauek Maite Vélazen instalazioa ikusgai dagoen bitartean garatuko Oteiza Museoan.
Sarrera librea da, baina edukiera-mugak direla eta, aldez aurretik erreserba bat egin behar da recepcion@museooteiza.org helbidean edo 948332074 telefonoan.
—-Taxio Ardanaz: Konspiratzeak batera arnastea esan nahi du. Larunbata, 2023ko martxoaren 23a. 12:00etan
1953an Londresen baztertutako eskultura-proiektu batek, ibilian-ibilian, 1978an Euskal Herrian argitaratutako pegatina bat ilustratu zuen. Etzan gaitezen Felix Huarte plazako belarretan, Iturraman, eskultura hartatik gertu. Pentsa ditzagun (berriz ere) monumentua, espetxea, politikotasuna eta ezezagun zaiguna, oroitzapen pertsonalak eta artxiboko irudiak nahastuz. Bisita ditzagun Albatera, Bilbo, Aitzoain, Alcalá de Henares, Napoli, Tafalla edo Irakeko Kurdistan, eta maita ditzagun konspiratzera behartzen gaituzten egoerak.
—-Nerea de Diego. Musukatu, oratu, besarkatu masa. Larunbata, 2023ko apirilaren 6a. 12:00etan
Maite Vélazen Gu edo gorputzak zeharkatzea egitasmoaren barruko ekintza. Maiteren eskulturek eta masak zeharkatua. Masa, udaberria eta arrautza.
—-Idoia Leache. Jario dakiola materia eta zabal dadila alboetarantz. Larunbata, apirilaren 27a. 12:00etan
Jario dakiola materia eta zabal dadila alboetarantz. Eta egin materia horri kortse bat neurrira, pot egin artean atseden hartzeko, harik eta kortsea pieza bihurtu arte, eta materia, berriz, ur.
—-Daniel Resano. Pila oso premiazko bat. Larunbata, maiatzaren 11. 12:00etan
Gure oinpean geratzen dira aztarna, marka, arrastoa, keinua, pila, putzua, lesioa, zalantza. Habitat bat osatzen dute. Inguru horretan loratzen da Maite Vélazen obra, erreakzio beharrezko eta ezinbestekoak eraginda, eraikuntzari eta pertsonen beharrei buruz gogoeta egiteko.
—-Haur-kanpamentua. Oroitzapenak. Eskulturak, abestiak eta beste istorio batzuk.
“Gu edo gorputzak zeharkatzea” erakusketan, objektuen eta soinuen memoriak artikulatzen du Maite Velazen esposizio-proiektuaren parte bat. Objektuen bidez ekarritako oroitzapen-ideia horretatik abiatu, eta zenbait pieza eskultoriko sortuko ditugu tailerrean. Horri esker, esperientzia askotarikoz eta aberasgarriz beteriko bide gisa ulertuko dugu haurtzaroa. Ildo horretan, marrazkia, instalazioa, musika eta beste zenbait hizkuntza baliatuko ditugu.
Apirilak 2- 5, 9:30etik 13:30era.Nori zuzendua: 6 eta 12 urte bitarteko haurrei. Bi hizkuntzatan, gaztelaniaz zein euskaraz. 60 euro aste osoa. Plaza mugatuak. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, 948 332 074 telefonora deituta edo recepcion@museooteiza.org helbidera idatzita.
—-Gizarte-inklusioko proiektua. Inoiz ez nire gorputzarekin
Apirila-ekaina
Proiektu hau Nafarroako Itxaropen Gune elkartearekin lankidetzan egina da. Elkarte horrek sexu-esplotaziorako xedez giza salerosketaren biktima izan diren emakumeak gizarteratzen jarduten du.
Proiektuak hainbat nazionalitatetako hamar emakumez osaturiko talde bat elkartuko du, guztiak ere aurrez museo bat sekula bisitatu gabeak eta artea oinarri hartuta lan egin gabeak. Zazpi saiotan, zenbait kontzeptu landuko dira emakume horiekin, hala nola oroitzapena, zauria eta gorputza; hala, haien kontakizun pertsonalak elkartuko eta partekatuko dira, praktika artistikoaren bitartez.
Lan-prozesua jaso egingo da, bai soinuz, bai irudiz, eta genero-indarkeriaren gaineko sentsibilizazio-materiala sortuko da harekin. Itxaropen Gunerekin garatutako bigarren programa da. Aitziber Urtasun Oteiza Museoko Hezkuntza Estetikoko arduradunak diseinaturiko eta zuzenduriko proiektua.
—-Belaunaldien arteko tailerra. Haurtzaroko memoriak.
Belaunaldi bakoitzak oroitzapen desberdinak dauzka haurtzaroaren inguruan. Tailer honetan, Maite Velazen obra abiapuntu harturik, umetan bizi izaniko esperientziak partekatuko ditugu, eta narrazio tartekatu bat egingo dugu, familia-album modura, marrazkian, collagean eta idazketan oinarrituta.
Maiatzaren 18a eta 19a. 10:00etatik 13:00etara. Doakoa. Plaza mugatuak. Gehienez /bi heldu eta bi haur familiako. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, 948 332 074 telefonora deituta edo recepcion@museooteiza.org helbidera idatzita.
De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org