Erakusketa

Huts baten amaiera beste baten hasiera da. Fermin Jimenez Landa. 2021 Ekainak 24-abenduak 12


Erakusketa: Huts baten amaiera beste baten hasiera da. Fermin Jimenez Landa
Oteiza Museoa: 2021eko ekainak 24 – abenduraren 12ra arte luzatua
Hazitegia 4
Argitalpena: El final de un vacío es el principio de otro. Huts baten amaiera beste baten hasiera da. Fermin Jimenez Landa. Diseinua: Fermin Jimenez Landa eta Franziska. 156 orrialde. Prezioa: 20 euro.
Jorge Oteiza Fundazio Museoak Uharte Arte Garaikide Zentroarekin egin produkzioa. Kolaboratzaile ditu Nafarroako Kutxa Fundazioaren eta La Caixa Fundazioaren Innova Cultural, eta Aislanaten parte-hartzearekin.

 

Huts baten amaiera beste baten hasiera da erakusketa-proiektu bat da, proiektu editoriala halaber, Fermin Jimenez Landak Oteiza Museorako egina. Proiektua artistaren borondatetik abiatzen da, Oteizaren eskulturen artean sortzen den hutsa esploratu nahi baitu, haren obren zentzu espaziala handituz horrela. Eskultura bat osatzen duten elementuen artean sortutako espazioa sinbolizatzeko prozesutik abiatuta, proiektuak muturreraino eramaten du hutsa laneko gaitzat ulertzea. Horretarako, Jimenez Landa ez da Oteizak bere obren barnean aktibatzen duen kondizio espazialera mugatzen; hori beharrean, eskultorearen obren artean sortzen den kondizio espazialean jarri du arreta.

 

Arteko diskurtso handietara modu periferikoan hurbiltzeko ohi duen moduarekiko leial, eta forma eta esangura arteko lerratze sotilak sortuz, Jimenez Landak lotu egin du hutsa, Oteizaren eskultura-lengoaiaren elementu nagusia, bere lanari egokituagoko elementuekin, esaterako ibiltzearekin, kartografiarekin, egoerak probokatzearekin eta narratiboarekin, eta gaztelaniazko vacío terminoaren sustrai komuna (vacuus), berriz, beste zenbait kontzeptu eratorrirekin, vago, vacaciones eta vagabundo-rekin (alfer, opor eta ibildaun) kasu.  Paradigma horri jarraiki, poetikoki aktiboak diren 50 cm x 2 m-ko espazioak trazatu ditu, baina baita 50 cm x 7.000 km-ko formak ere, Oteizaren obren arteko espazioek sorrarazitako bilbe ikusezinarekin mundua neurtuz eta geografia bakan bateko nodoak sorraraziz.

 

Horrekin guztiarekin, huts horiek korritzeko egin dituen ahaleginen, zenbaitetan porrot egin duten ahalegin horien dokumentu sail bat sortu du Jimenez Landak; izan ere ahalegin horietan etxe partikularretan sar zitekeen, Erroma edo Parisen esaterako, eta inon-ez baten erdian zeuden lekuetara joan, edota ezezagunekin afal zezakeen edo kamera korazatuetan sar zitekeen, interes handiagoa zuela, baina, huts horiek habitatzen zituenarekiko destinoekiko berekiko baino. Dokumentazio horrekin batera, Museoan instalatutako eskulturetako batzuen arteko hutsaren neurketa zehatzetik abiatuta sortutako pieza batzuk aurkitzen ditugu. Huts hori etxebizitzetako isolatzailez bete da, beteen eta hutsen ispilu-joko batean, eta horrela osatu egiten da Oteizaren arte-sorkuntzaren bazterrik ezezagunenetan eta periferian zehar doan esperientziazko ibilbide hori.

Elementu horiek guztiak dira erakusketa-ibilbide bereziaren osagai. Eta, osagarri gisa, Jaime de los Rios artistaren 556ms esku hartze digitala dugu, proiektuaren online formatuko luzapentzat sortua. Bakar-bakarrik Oteiza Museoaren web orriaren bitartez ikus daitekeen pieza horrek bidaia bat sorrarazten du, eta bidaia horrek, Museoko bertako bildumatik abiatuta, formalizatu egiten du nazioarteko zenbait bildumatan dauden Jorge Oteizaren eskultura batzuen arteko denbora. Interneten materialtasuna eta informazioak kable, router eta satelite bitartez bidaiatzeko duen gaitasuna kontuan harturik, ibilbide itxia eraiki da, gure esploratzaileetatik, hots, 5 erakunderen web orriak kokatuta dauden zerbitzarietatik iristen garen eduki birtuala dagoen espazioen artean. Horren emaitza izaera kuantikoko geometria baten trazadura da; izan ere, ibilbidea beti dago segurtasuna eta arrazoi komertzialak direla-eta ahalbidetzen den eraginkortasun eta irisgarritasunaren mendean. Beraz, kokapen horiek guztiak biltzen dituen poligono bat da, guztira 62.967 km hartzen dituena, 556 minutu baino behar izan ez dituena osatzeko. Ildo horretatik, irudiaren izate dinamikoa azpimarratu behar da, informazioa bidaltzen den unean baizik ez baita existitzen; eta bidalketaren abiadura hain da handia ezen, giza eskalan, forma guztia aldi berean agertzen eta, era berean, etengabe aldatzen baita.

 

Hazitegia programaren parte den proiektuak badu izen bereko argitalpen bat ere, artistak berak eta Franziskak diseinatua. Hazitegia programa Jorge Oteiza Fundazio Museoa eta Uharte Arte Garaikide Zentroa ari dira garatzen elkarrekin, gaur egungo sorkuntzatik Jorge Oteizaren obraren inguruko gogoeta gune berriak sortzeko xedearekin, eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren eta La Caixa Fundazioaren Innova Cultural-en laguntza du.

Eskuorrria hemen

 

 

Bitartekaritza jarduerak

□ Fermin Jimenez Landarekiko topaketak eta erakusketarako bisita

– 2021eko ekainak 26, larunbata, 12:00etan.

– 2021eko irailak 25, larunbata, 12:00etan.

Doakoa, aurrez Museoko sarrera erosita. Toki kopuru mugatua. Aurrez izena eman behar da, recepcion@museooteiza.org helbidean edo 948332074 telefono-zenbakian.

 

Online topaketa Fermin Jimenez Landa eta Marta Ramos-Yzquierdorekin

Online topaketaren helburua solasaldi bat egituratzea da, hain zuzen Oteiza Museoan erakusten den “Huts baten amaiera beste baten hasiera da” proiektuaren ezaugarrietan eta proiektu horrek Fermin Jimenez Landaren sorkuntza-praktiken barnean duen esanguran sakontzeko.

Topaketako partaideak artista bera eta Marta Ramos-Yzquierdo komisarioa izango dira, eta Oteiza Museoko zuzendariorde J.P. Huercanos arituko da moderatzaile.

2021eko ekainak 30, asteazkena. 19:00etatik 20:00ak arte.

Topaketa streaming bitartez egingo da, eta sarrera librea izango du. Aurrez izena eman behar da comunicacion@museooteiza.org helbidean.

 

Oporrak. Paseo situazionista

Fermin Jimenez Landak gidatutako ibilaldi kolektiboa, Iruñean instalatutako Oteizaren eskulturen arteko distantziarik laburrena eginez. Halako espiritu situazionista batekin, saihestu egingo dira hirian zehar ibiltzeko uneko inertziak, topaketa harrigarriak bilatzeko arau bati jarraikiz.

2021eko uztailak 31, larunbata. Irteera 11:00etan, Gazteluko Plazan jarritako Jorge Oteizaren “Unitate hirukoitz eta arina” obratik.

Toki kopuru mugatua. Aurrez izena eman behar da, recepcion@museooteiza.org helbidean edo 948332074 telefono-zenbakian.

 

Eskulturaren geografia udako kanpamentua

Oteiza Museoak bilduma zabala dauka, artista oriotarraren 1.600 eskultura baino gehiagoz osatua. Alabaina, ez da haren obra aurkitu dezakegun museo bakarra. Beste zein lekutan aurkitu genezake haren lana?  Horretaz ikertu, eta mapa handi bat sortuko dugu, Oteizak munduan duen presentzia proiektatzearren. Gainera, partaide bakoitzak bere eskultura sortu, eta obra jartzea gustatuko litzaiokeen lekua aukeratuko du.

2021eko abuztuak 16, 17, 18, 19 eta 20.

6 eta 11 urte bitarteko haurrak. 09:30etik 13:30 arte, gaztelaniaz eta euskaraz.

60 € aste osoa. Toki kopuru mugatua. Aurrez izena eman behar da, recepcion@museooteiza.org helbidean edo 948332074 telefono-zenbakian.

 

Huts jokoa familian. Bisita-lantegia

Erakusketa honetan, Oteizaren eskulturen artean habitatu gabeko espazioek eskaintzen dituzten aukeretan jartzen du begirada Fermin Jimenez Landak. Ideia hori harturik abiapuntu, eskultura berri bat proiektatuko dugu Museoko erakusketa iraunkorrean ikusgai diren piezen arteko espazio ez habitatuetatik.

2021eko irailak 19

6 eta 11 urte bitarteko haurrak heldu batek lagunduta. 11:00etatik 13:30 arte.

Prezioa: 10 € parte hartzaileko. Toki kopuru mugatua. Aurrez izena eman behar da, recepcion@museooteiza.org helbidean edo 948332074 telefono-zenbakian.

 

Eskolako espazioak birpentsatzen. Irakasleentzako lantegia.

Tao Te King-ek honakoa diosku: “Munduan den gauza elemenia `presentziatik` dator; `presentzia´ absentziatik dator”. Lantegi honetan eskola-eremua osatzen duten espazioen arteko harremana aztertuko dugu, horien erabilera eta eginkizuna birpentsatuz bai heziketa prozesura bai harreman psikoafektiboen garapenera begira. Espazio okupatuak, askatuak, erabilerarik gabeak, ez proiektatuak, habitatuak, abandonatuak, eskolako gure eguneroko bizipenak eraikitzen dituzten espazioak; horien gainean egingo dugu gogoeta, aukera berriak eman ahal izatearren.

Hezkuntza formaleko edo ez formaleko irakasleei eta espazioak heziketarako tresnatzat erabiltzearekin interesatuta dagoen orori zuzendua.

Datak: 2021eko urriak 1, 2 eta 3.

Ordutegiak: hilak 1, ostirala, 17:30etik 19:30 arte. Hilak 2, larunbata, 10:00etatik 14:00ak arte eta 16:00etatik 19:30 arte. Hilak 3, igandea, 10:00etatik 14:00ak arte.

Prezioa: 50 €. Toki kopuru mugatua. Aurrez izena eman behar da, recepcion@museooteiza.org helbidean edo 948332074 telefono-zenbakian.

 



De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org