Grabazio honek Jorge Oteiza eta Javier Saenz de Oizak Bilboko Alondegiko eraikinaren estalkira 1988ko urtearen amaiera aldean egin bisitaren parte bat jasotzen du. Une horretan, kulturgune berri bat sortzeko proiektuan ari ziren lanean, Juan Daniel Fullaondorekin batera; hark “arte fabrika” handi bat izan behar zuen, Bilboko hiria, jasandako desindustrializazio prozesuaren ondotik, kultura eta ekonomia aldetik atzera piztearren. Proiektuak kontzeptualizazio eta garapen maila handia iritsi zuen sustatzaileen aldetik, baina azkenean eraikitzeke geratu eta bete behar zituen eginkizunak ase gabe geratu ziren. Irudiotan, obretarako bisitaren parte bat eta sortzaile biek bere proiektua hartu behar zuen orubearen aurrean izan zuten elkarrizketa ditugu jasota.