Argitalpenak

El muro de Jorge Oteiza. Un sistema para proyectaren el espacio


Banaketa: Machado Grupo de Distribución (pedidos@machadolibros.com)


  •  Joaquin Lizasoain irakasle eta arkitektoak eskultorearen pentsamendu estetikoaren funtsezko paradigmetako bat aztertzen du
 
Argitalpena: El muro de Jorge Oteiza. Un sistema para proyectar en el espacio
Egilea: Joaquin Lizasoain
Editorea: Jorge Oteiza Fundazio Museoa eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren (COAVN) Nafarroako Ordezkaritza, Eguesibarko Udalarekiko lankidetzan.
374 or. Prezioa: 23 euro.

 

Joaquín Lizasoain

Murrua, Jorge Oteizak espazioari buruzko bere teoria estetikoan enuntziatutako lehenbiziko kontzeptua, haren saiakera nagusi ia-ia guztietan ageri da. Horretaz gain, presentzia ezin garrantzitsuagoa du artistak idatzitako hamarka dokumentu eta ohar espezifikotan. Gogoeta behin eta berriro errepikatu horrek artistaren eskultura-estetikaren paradigma bat adierazten du, bi dimentsioko eta hiru dimentsioko irudikapenen artean sortzen den gatazka espazialari dagokionez; izan ere eskultoreak bere sortze jardueraren alderdi handi bat eskaini zion gatazka horri.

Oteizaren pentsamoldeko berezko kontzeptu hori sakon aztertzen da, orain, El muro de Jorge Oteiza. Un sistema para proyectar en el espacio argitalpenean. Lan honek jaso egiten du Alcalá de Henareseko Unibertsitateko Arkitektura Eskolako Arkitektura Proiektuen Arloko arkitekto eta irakasle Joaquin Lizasoainen tesia, Jorge Oteiza Fundazio Museoak eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren (COAVN) Nafarroako Ordezkaritzak Eguesibarko Udalarekiko lankidetzan editatua. Monografia hau Jorge Oteizaren pentsaera estetikoaren inguruko ikerkuntzaren esparruan biltzen den Prometeo bildumako zazpigarren titulua da. Argitalpenak Reusko Unibertsitateko ikertzaile eta irakasle Gillermo Zuaznabarren hitzaurrea du, eta Oteiza Museoko Artxibotiko testu originalez osatu eranskin dokumental bat halaber.

Jorge Oteizaren murruari buruzko ikerkuntza honetan zehar ibilbide kronologikoa egin da. Horren bitartez, ahalegina egin da sorburuko zertzeladak, haren lehen espresio teorikoaren testuingurua, eta ondoren bere sorkuntzazko adierazpenen eta gogoeta teorikoen bitartez egin zituen berrikuspenak identifikatzeko. Zehazki, Jorge Oteizak Amerikako artistei gutuna (1944) obran hitz egin zuen lehen aldiz murruari buruz, sorkuntzako mekanismotzat azalduz hura, haren bitartez artistek espaziorako bere proposamen berriak azal baititzakete. Kontzeptu horren agerpena artistak heldutasun estetikorantz egin prozesuaren emaitza da, prozesu hori giltzarria izango baitzen ondoren jorratu zituen sorkuntza-prozesuak garatzeko.

Murruaren narratiba eta zertzeladak hiru bloke nagusitan egituratzen dira. Lehenean, haren formulazioaren aurretiko etapa da, Oteizak estatuarekin eta erliebearekin izan lehen esperientziak ikertzen dira, hark pintura eta arkitekturarantz egin hurbilketak, eta zituen interes estetikoen oinarriak. Bigarren blokeak eskultorearen aldi amerikarraren amaieran gertatu murruaren kontzeptu teorikoaren agerpena jorratzen du: murrua espazioan jarduteko sistematzat, espazioa bera artistaren etorkizuneko esperimentazio plastikoaren helburu berri bihurtuta. Azkenekoan, murruak eskulturan eta arkitekturan izan aplikazioak garatzen dira, baina baita Oteizak erabilitako beste adierazpide batzuen bidez izan aplikazioak ere, zinema eta poesiaren bitartez jorratuak esate baterako. Aipatu guztiaz gain, espazioak arteetan eta arkitekturan eragin gogoeta berrien inguruko ikuspegi konparatu bat ere jasotzen du monografiak, 50eko hamarkadako arte-kritikari nagusienen eskutik, tartean baitira Clement Greenberg, Carola Giedion-Welcker, Herbert Read eta Sigfried Giedion; gogoeta horiek Jorge Oteizak espazioaren inguruan egin ekarpen teoriko eta esperimental handia testuinguruan kokatzeko balio dute.

Arlo horien guztien analisiak aukera ematen du murru oteitzarraren interpretazio bat eskaintzeko, fisikotik intelektualera, pertsonaletik kolektibora, sorburu primitibotik artearen egungotasunik gaurkoenera doan bidaia batez; objektibagarriaren zehaztasunari ihes egiten diolarik, murruak artista unibertsal honen sortze prozeduretan aurkitzen ditu bere arrazoi askotarikoak.

Joaquin Lizasoain Urkola arkitektoa da Madrilgo Goi Mailako Arkitektura Eskola Teknikoan, eta arkitekturan doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean, Jorge Oteizaren murru kontzeptuari buruzko ikerlan batez. Zenbait arkitektura lehiaketa irabazi ditu, esaterako Kordobako Arkeologia Museoa handitzekoa edo Madrilgo Nave Boetticher birgaitu eta handitzekoa; BBVAren Alcalá kalea, 16ko egoitza historikoaren barne-erreformarako egin lanaz Distinción a la Obra de los Arquitectos COAM 2003-2004 saria jaso du, eta baita lehen saria ere Rehabilitación en Iniciativa Privada del Ayuntamiento de Madrid 2003 deituan ere. Ikertzaile gisa, Jorge Oteizaren figurari buruzko argitalpen batzuetan hartu du parte, esaterako San Agustingo harriak edo Estatuaria megalitiko amerikarraren ulerpen estetikoa-ren edizio kritikoan, eta ZARCH edo Constelaciones y Museos.es aldizkari zientifikoetan ere kolaboratu du. Gaur egun irakaslea da Alcalá de Henareseko Unibertsitateko Arkitektura Eskolako Arkitekturako Proiektuen Arloan.

 

 


De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org