Banaketa: Machado Grupo de Distribución (pedidos@machadolibros.com)
Nueva Forma arte eta arkitektura aldizkariak, Madrilen 1966 eta 1975 bitartean argitaratuak, parte hartze erabakigarria izan zuen arkitektura eta plastika kultura baten eraikuntzan, eta argitalpen erreferentziazkoa izan zen garai hartako testuinguru kultural eta editorial aseptiko eta geldoan. Juan Daniel Fullaondo zuzendariaren testuak eta arteen sintesiarekiko zuen interes diziplina anitzekoa funtsezko elementu bihurtu ziren garai hartako sorkuntza diskurtsoan, eta arkitekturaren eta artearen ispilu ikuspegi bat ekarri zutelarik, horien esangurak testuinguru eta erreferentzia berrietarantz zabaldu zituzten. Oteiza Museoak, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (COAVN) Nafarroako Ordezkaritzarekiko eta Eguesibarko Udalarekiko lankidetzan, “Fullaondo y la revista Nueva Forma. Aportaciones a la construcción de una cultura arquitectónica en España (1966-1975)” argitalpena editatu du, Lucía C. Pérez Morenok idatzitako liburua. Lanean zehar, egileak aztertu egiten ditu Jorge Oteizaren obra eta pentsamendua etengabeko erreferentzia izan zituen proiektu editorial berezi haren transzendentzia eta ekarpenak.
Nueva Forma-ren orrietan, Juan Daniel Fullaondok konpromiso historiko bat hartu zuen, ahanzturan gera zitezkeen arkitekto eta artista zenbaiten ibilbidea berreskuratu zuenean; eta horretan proiektu historiko bat eraiki zuen, euskarri teorikoa eman zien bestela galdu egingo ziren eraiki gabeko arkitektura batzuei, espainiar kultura arkitektonikoan finkatu zuen Oteiza sortzailea -honen obra eta pentsamendua oraindik ere zalantza gabeko erreferentzia dira espainiar arkitekturan-, eta nazioarteko foroetan toki bat eskatu zuen arkitektura nazionalarentzat, une hartako eszenatoki konplexuan partaidetza aktiboa izatera eraman baitzuen. Eta hori guztia gogoetaren bidezko bilakaera batez, agerian utzi zuen-eta arkitektura formatik ulertzen zuela -forma, betiere, espazioa itxuratzeko sortzaileak ezinbesteko duen tresnatzat-, eta esana etengabe zalantzan jartzen zuen eta irakurlea etengabeko gogoetara, azken batean ezagunaren krisira, bultzatzeko indarra zuen begiradaz.
Argitalpen hau Oteiza Museoak 2009an emandako “Itziar Carreño Beka” eskuratu zuen ikerkuntza-proiektu baten emaitza da. Datorren maiatzaren 28an aurkeztuko da (19:30 h) Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Iruñeko egoitzan, eta aurkezpen ekitaldiko partaideak Oteiza Museoaren zuzendari Gregorio Díaz Ereño, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Nafarroako Ordezkaritzaren presidente Mariano González Presencio, Marta García Alonso arkitektoa eta argitalpenaren egilea bera izango dira.
De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org