Banaketa: Machado Grupo de Distribución (pedidos@machadolibros.com)
1965eko amaiera aldean, artista plastiko gipuzkoar batzuek antolatzea erabaki zuten, eta Dionisio Barandiaran enpresariarekin bat eginik, artetiko posizionamendu kolektiborako estrategia berri bat ezarri zuten. Artista horien presentziak dispositibo transbertsal eta diziplinarteko bat jarri zuen abian, inoiz ikusi ez bezalako bat, eta artistak berak protagonista izango zituen kultur antolaketarako modelo alternatibo bat errebindikatu zuen. Artistek sortutako taldea, GAUR Taldea, kide zituela Amable Arias, Nestor Basterretxea, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza, Rafael Ruiz Balerdi, Jose Antonio Sistiaga eta Jose Luis Zumeta, 1966ko apirilean agertu zen euskal kultur agertokian, Donostiako Barandiaran galerian, artearen gestioaren ohiko moduez besteko batzuk jorratu zituen ekintza publiko batez.
Taldearen sorreratik 50 urte baino gehiago igaro direla dagoeneko, Grupo GAUR. Arte y construcción colectiva / GAUR Taldea. Arte eta eraikuntza kolektiboa argitalpenak, Oteiza Museoaren zuzendariorde J. P. Huercanosenak, aztertu egiten du taldearen esangura, taldeak arte-produkzio eta arte-erakusketarako eredu integral eraldatzaile bat diseinatzeko zuen gaitasuna; izan ere, taldea abian jartzeak egiturazko haustura eragin zuen garai hartako kultur dinamikekiko, eta artistaren eta artearen eginkizuna piztu zuen, eraikuntza kolektiboko prozesuetako objektu aktibotzat. Gaur egun, joan zen mendeko hirurogeiko hamarkadatik aurrera artistek garatutako autogestio proiektuen genealogia zabalaren parte dugu taldearen oroitzapena.
GAUR Taldeko kideek bultzatzen zuten ezinbesteko berritze estilistikotik harago, taldea agertzea dei bat izan zen, estetikaren zenbait esparrutako sortzaileen antolaketa kolektiborako deia zehazki; izan ere, funtzionamendu eredu berriak sortzeko eginkizun komunean zeuden murgilduta, eta artearen eta sorkuntzaren papera errebindikatzen zuten, 1960ko hamarkadaren bigarren erdialdean pizten ari zen gizarte eraldaketarako prozesuaren ardatz nagusitzat. Denboran askorik iraun ez bazuen ere, GAUR Taldearen eta Barandiaran galeriaren baterako ekintzak hasiera eman zion arte praktikatiko erresistentzia aktiborako modu bati, beste diziplina batzuekin estu loturik gainera, esaterako, pedagogia libre, musika, dantza edo antzerkiarekin, Euskal Eskolaren mugimenduak aurrekari izan zuen arteen berritze integralerako prozesuaren hasiera markatuz horrenbestez. Ekintza horren artikulazioak bultzatu egin zuen zenbait frontetatik abiarazitako duintze kolektiboko prozesua, zeinetan sorkuntzak eta kulturak funtsezko eginkizuna bete zuten, dena egiteke eta egiteko zegoen garai hartan pentsaezinezko gertatzen zen modernitatearen formak aurreratuta.
Proiektu editorial hau, argitalpen-collage gisa sortu hau, Jorge Oteiza Fundazio Museoaren eta Kutxa Fundazioaren arteko lankidetzaren emaitza da. Bertan jasotzen dira bai inoiz argitaratu gabeko material ugari bai GAUR taldeak 1966ko apirilaren 28an Barandiaran galerian egin zuen erakusketaren inaugurazioan zehar Arturo Delgado eta Paco Mari argazkilariek egin zituzten bi erreportaje osoak, Kutxa Fundazioaren Fototekaren legatukoak. Dokumentazio grafiko horren bitartez erakusketaren inaugurazioaren ikuspegi zabal bat berreskuratu ahal izan da. Ekitaldi hartan, taldeko artistek une hartako artearen eta kulturaren ordezkaritza zabal eta garrantzitsua bildu zuten, hala nola Carlos Sanz, Carlos Añibarro edo Ricardo Ugarte artistak, Josean Artze musikaria, Jose Acosta Montoro idazlea, Milagros eta Maria Teresa Ramos liburu-saltzaileak, Xabier Lete musikari eta poeta, Santiago Aizarna idazle eta kazetaria, eta Julio Campal poeta eta galeriako zuzendaria, Dionisio Barandiaran jabearekin batera.
Esanaz gain, galeriak Javier Usabiagaren diseinuarekin editatu zituen eta gaur egun deskatalogatuta dauden katalogoaren eta kartelaren faksimile erreprodukzioa jasotzen du edizioak. Faksimileak formatu txikixeago batean editatu dira, jatorrizko edizioekiko tartea mantentzearren.
De la Cuesta, 24. Altzuza, Nafarroa
T +34 948 332 074 info@museooteiza.org